ylt_p_songs
Beti espero dugu onena Yo La Tengo-rengandik, ez alferrik dauka aspaldidanik diskografia aparta, kolore askotarikoa eta txakalaldirik gabea. Gurean sarri jo izanak, etxeko ere egin ditu, eta guk beti onena espero etxekoengandik. Azken disko honek halere, epelago utzi nau, erdizka, ase gabe.

Bi zatitan dago banatuta, berez, biniloan bikoitza den diskoa; lehenengoa pop kantuz, bigarrena, 9, 11 eta 16 minutuko 3 piezak osatzen dutena.

Popular songs eman diote izena eta badu hit bildumaren itxura, lan kontzeptual edo osotasun batena bainoago, izan ere kantuak oso banaka datoz, elkarren arteko inolako loturarik gabe, ez forman, ez soinuan ez intentzioan. Aspaldiko Facebook ekartzen dit gogora lehenengo zatiak, bertsio bilduma bikain hura.

Harizko instrumentuen konponketak berritasun dira bi kantutan, baina nabariago dena, kantu bakoitzean atmosfera ezberdinak sortzeko nahimena, seguru asko azkenaldian soinu bandetarako egindako lanetan erabili, garatu eta ikasitakoaren herentzia.

Badira hemen beste talde ezagunen ohiartzunak, esaterako Avalon or Someone Very Similar-ek, Shake Some Actionen garaiko Flamin’ Groovies dakarkigu gogora, eta entzunaldiz entzunaldi gainontzekoei gailentzen zaie. By Two’s-ek berriz Young Marble Giants gogoraerazten digu eta More Stars Than There Are in Heaven zein The Fireside luzeek, Spacemen 3.

Lehenengo diskoko B aldean jotzen dute goia I’m on My Way apartean eta nire gustorako bigarren diskoak ez du ohiko bonus track direlakoak baino balio handiagorik. Edo aurretik ere sarri jardundako eremuetan errepikatzen edo erremate gabeko esperimentuetan dabiltza. Konforme! goizeko ordu txikitan eta betiko zaborraren ondoren And the Glitter Is Gone jarriko balidate, trantzean jarriko nintzateke erraz, baina etxean edo kontzertu batean edo bai eta autoan ere, txanda pasa nahiago.

Auskalo, beharbada hurrengo diskoan borobilduko esperimentuotan hasitakoa. Hala bedi!

Erlazionatutako sarrerak

Oraindik ez dago iruzkinik.

Erantzun