Diska berria, Hero Mantra eta kontzertuen saltsan dabilen SextySexers taldeari elkarrizketa egin diogu. Hona hemen napar rockeroek bota dizkiguten erantzunak:

1 ) Betiko galderarekin hasiko dugu elkarrizketa baina baliteke norbaitek oraindik ez jakitea, nondik dator Sexty Sexers izena?
Sinplea da. 66 errepideari eginiko keinu bat da, pixka bat sexualizatuz.
2 ) Gogoratzen dugu oraindik Ameba taldea, zein antzekotasun eta desberdintasun aurki ditzazkegu Ameba eta Sexty Sexers taldeen artean?
Ezberdintasun nagusia gaur egun bateria jole desberdina dugula taldean. Ameba garaian eta SextySexers-en lehen bi disketan Inaxio izan genuen bidaide. Gaur egun Fortun da bateriajolea. Onez gain urte dexente gehiago eta esperientzia asko gehio dugu bizkarrean. Hau musikan nabari da, sendotuz joan gara eta nortasunean irabazi dugu.
3 ) Misfits (Ameba taldearekin), Glucifer, The Capaces, Torazinas edo ta Lobo Electrico bezalako taldeekin ibiliak zarete, norekin ikutzea gustatuko litzaizueke?
Askorekin, zerrenda amaigabea da. Dena den gu jotzearekin konformatzen gara, ahalik eta gehien eta ahalik eta jende gehienarengana iristeaz. Uda bitarte ditugun kontzertuetaz gain bereziki kitzikatzen gaitu uztaila hasieran banda estatubatuar batekin egingo dugun birak, ea laister argibideak emateko beta dugun.
4 ) Nola izanen da Sexty Sexers taldean abestiak sortzeko prozesua?
Orain arte joseba guitarrista izan da taldeko zerebro musikala, gehienetan berak ekartzen du kantaren muina eta taldean joaz forma ematen diogu. Kaleratzera goazen diskan lehen aldiz egin dugu lan produktore batekin, J.Irazoki, kantentzako oso aberasgarria izan delakoan gaude. Kanpotik ikusterakoan diska borobiltzen lagundu digu.
5 ) Nondik dator azken diskaren, Hero Mantra, izena?
Diskako kanta gehienek Urkamendi Blues bira bukatu eta azkar idatzi genituen, gero ordea bateria joleak alde egin zuen eta lana berriro hasieratik hartu behar izan genuen. Honek kanten ber-interpretazio bat eragin zuen. Prozesu honek ordenik gabeko diska bat bideratu du, hitz aldrebes eta abstraktoekin. Horregatik album batek Mantra izaera badu, honakoa mantra ero bat da. Baina era berean guretzat oso askatzailea izan da diska bukatuta ikustea, esan bezela prozesua nekeza izan baita. Mantra salbatzaile bat ere izan da guretzat beraz, heroi baten pare.
6 ) Argi dago kontzertuek jai giro ekartzen dutela, baina nola izango litzatekeen Sexty Sexers taldearentzat jai edo gau perfektua?
Normalean ematera ohituta gauden kontzertuak jada ‘perfektuak’ dira guretzat. Hala ez balira ez dut uste oraindik hontan jarraituko genukeenik. Kafea hartzeko geratu, furgoneta kargatu, lekura iritsi (beti berandu), bertakoak ezagutu… guretzako larunbat arratsaldeko plan perfektua da. Horri gehitzen badiozu adiskide dugun talde batekin jotzea eta toki on eta eroso batean izatea… ba ezin hobe.
7 ) Ajearen kontrako plan berezirik?
Tamalez ez.
8 ) Seguru Sexty Sexers taldeak hainbeste kontzertu izanda, anekdotaren bat edo izango duela; konta daitekeen baten bat?
Ba azken kontzertuan bertan izan genuen perkantze bat. Ondarruko Kafe Antzokian ‘Zyklon Birika’ jotzen ari ginela, kontzertu erdi erdian publiko artean lurrean nenbilela konturatu gabe besoan zauri bat egin nuen. Ni konturatu ez eta kanta bukatu arte jarraitu nuen, orduan etorri zitzaidan adiskide bat besoa odoletan nuela eta korrika ospitalera joateko. Bada 12 puntuko aberia eta kontzertua erdibidean utzita. Ea zorra kentzeko aukera dugun eta Ondarrora bueltatzen garen.
9 ) Taula gainean azaldu baino lehenago taldeak ba ahal du mania edo ta ohitura berezirik?
Ezer berezirik ez. Ongi afaldu, zeoze edan, norbaitek lehenago jotzen badu beraien emanaldia ikusi…
10 ) Nola plazaratzen da Sexty Sexersen etorkizuna?
Hero Mantra, gure hirugarren diska izango dena jada grabatuta dugu eta datorren ekainean plazaratuko dugu. Dena den hasiak gara jada zuzeneko emanaldiak ematen eta horretan jarraituko dugu etengabe. Halaber gure intentzioa da kanta berriak prestatzen hastea. Oso gogotsu gaude taldearekin eta indarrez gainezka.
11 ) Besterik?
Gure berririk izan nahi ezkero txekeatu gure bloga, sextysexers.blogspot.com. Eta animatzea jende guztia Psilocybeneako kontzertura, guretzako oso kontzertu berezia izango baita.
MySpace| Sexty Sexers
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:

[...] Sexy Sexers - Elkarrizketa [...]
[...] proiektu da Musikazalekoa; oraindik bizirik darrai eta ilusioz; bertatik pasa dira, Delorean edo ta Sexty Sexers bezalako punta puntako talde euskaldunak.2009an Kafe Antzokia istear ibili zen; baina euskal [...]