Atalak: Musikazale

Prootols - Soinu grabazioa eta postprodukzioa

BilbaoMusikak, Digidesign Protools 101 Ziurtagiri Ofiziala eskuratzeko aukera ematen duen ikastaroaren matrikula epea zabaldu du. Programa informatiko honek, soinu digitalaren grabazio eta postprodukzio sistemen erabilera ahalbidetzen du.

Ikastaroak, Gonzalo Lasheras eta Barry Sage musika ekoizleen eskutik izango dira, Rolling Stones, Luis Eduardo Aute edo Luz Casal bezalako maila duten musikarientzat lan egin dutenak. Ikastaroa astelehena, urtarrilaren 18tik ostiralera, 22ra, goizeko ordutegian izango da, 9:00etatik 14:00etara eta leku mugatua dagoenez, bigarren talde bat antolatuko da arratsaldeko ordutegian eskaerek hala eskatuz gero.

Matrikularen prezioan, 550 euro, Digidesign-en eskuliburu ofiziala eta ariketen CDa sartzen da. Ziurtagiri honez gain, partehartzaileek, Protools LE-ren edozein produkturen erosketa egiterakoan % 40ko deskontua izango dute eta plug-in bat opari.

Informazio guztia | Bilbaomusika

Erlazionatutako sarrerak

  • Erlazionatutako sarrerik ez

Anari. Irla Izan.


Akordatzen naiz behin Durangoko azokan Ama Say-ren bigarren diskoa biniloan ez al zeukaten galdetuta Angel Valdesek mostradorearen beste aldetik “zertarako?” erantzun zidala, “biltegian pilatzeko?”. Bistan zena, CD-aren negozioa benetan zetorren baina artean etsia hartu gabea ni, inozoa ni. Gerora, CD-ekin osatu behar izan dut esaterako Mikel Laboa edo Ruper Ordorikaren bilduma, nahiz eta bertako zein batez ere kanpoko beste askorekin arazorik izan ez LP-ekin jarraitzeko. Asko poztu nau beraz Anariren Isla izan hau biniloan kaleratuko dutela jakiteak eta atsekaberik gabe osatuko dut kolezioa formatu zahar honetan. Ez dakidana, joera berri honek zeri erantzuten dion, modari, diru sarrerei, bezero zenbait goxatzeari edo kasuan kasuko artistaren kapritxoari.

Diskoaren edukiari gagozkiola ere pozarren egoteko moduan gara. Soinu bikaina eta talde usaina darie kantuei, mina eta tentsioa. Kantu sorta baino, kantuz osatutako zer handiago bat. Alardeetarako lekurik gabe, soinua trinkoa da, lelo eta esaldi errepikakorrik gabe, Anari ez da gelditzen, kedarik egin gabe doa bere erretolikan,liburua kapituluz kapitulu irakurriko balu bezala. Hitzetan ere, badirudi kantu batean hasitako korapiloari, bestean ematen diola segida, eta hiru edo laugarrenean ere erremate bila diharduela. Ez dago umorea edo mezu lasaigarrientzat leku askorik. Beldurra nonahi, amildegiak, komunikatu ezinak, denborak dakarren higadura. Zoriona izatekotan erregresiboa.

Kantuak aitatzekotan salbuespen direnak aitatuko nituzke. Adibidez, hiruko erritmoan ez dauden bakarrak, Iceberga eta Distantzia. Azken honek batez ere izugarrizko arnasa ematen dio diskoari. Salbuespena deritzot Bidea eta Denborari ere, disko osoan presente dagoen zu hori aitatu gabe patxada ederrean egiten baitu aurrera, itolarri handirik gabe eta entzunaldi bakoitzean ederrago. Gainontzekoetatik Ihia bereiziko nuke, hain oldarkor eta egiati, bai eta Eskuineko Bihotza ere, bukaera haizetsu horrekin Nick Cave gogora ekarriz.

Erreferentzia zenbait nabarmen egin zaizkit. Hasteko, bistan dena, bere bandarena. Gutxik dute halako soinua eta kontundentzia gurean, nola Anarirekin, hala Inoren Ero Ni bezala dihardutenean. Bestetik, Thalia Zedek ere beti present balego bezala sentitu dut, hura ere hiruko tenpo hauen zalea. Azkenik esaldi luzeak melodietan josteko eran Ruper Ordorikaren ohiartzunak somatu ote ditudan, batez ere Isla kantuan. Nire irudipenak…

Hasierako gaiari berriz helduta, desiatzen nago binilozko bertsioa eskuratzeko, iruditzen baitzait kantuok, CDak eman ahala, denak segidan entzunda, halako betekada bat eragin dezaketela, musikaren trinkoak eta hitzen erredundantzia dela eta. Biniloaren entzuketa zatikatuak edo zuzeneko errepertorio nahasiak are mesede egingo dielakoan, zai nago ea parean noiz egokitzen zaidan.

Erlazionatutako sarrerak

ylt_p_songs
Beti espero dugu onena Yo La Tengo-rengandik, ez alferrik dauka aspaldidanik diskografia aparta, kolore askotarikoa eta txakalaldirik gabea. Gurean sarri jo izanak, etxeko ere egin ditu, eta guk beti onena espero etxekoengandik. Azken disko honek halere, epelago utzi nau, erdizka, ase gabe.

Bi zatitan dago banatuta, berez, biniloan bikoitza den diskoa; lehenengoa pop kantuz, bigarrena, 9, 11 eta 16 minutuko 3 piezak osatzen dutena.

Popular songs eman diote izena eta badu hit bildumaren itxura, lan kontzeptual edo osotasun batena bainoago, izan ere kantuak oso banaka datoz, elkarren arteko inolako loturarik gabe, ez forman, ez soinuan ez intentzioan. Aspaldiko Facebook ekartzen dit gogora lehenengo zatiak, bertsio bilduma bikain hura.

Harizko instrumentuen konponketak berritasun dira bi kantutan, baina nabariago dena, kantu bakoitzean atmosfera ezberdinak sortzeko nahimena, seguru asko azkenaldian soinu bandetarako egindako lanetan erabili, garatu eta ikasitakoaren herentzia.

Badira hemen beste talde ezagunen ohiartzunak, esaterako Avalon or Someone Very Similar-ek, Shake Some Actionen garaiko Flamin’ Groovies dakarkigu gogora, eta entzunaldiz entzunaldi gainontzekoei gailentzen zaie. By Two’s-ek berriz Young Marble Giants gogoraerazten digu eta More Stars Than There Are in Heaven zein The Fireside luzeek, Spacemen 3.

Lehenengo diskoko B aldean jotzen dute goia I’m on My Way apartean eta nire gustorako bigarren diskoak ez du ohiko bonus track direlakoak baino balio handiagorik. Edo aurretik ere sarri jardundako eremuetan errepikatzen edo erremate gabeko esperimentuetan dabiltza. Konforme! goizeko ordu txikitan eta betiko zaborraren ondoren And the Glitter Is Gone jarriko balidate, trantzean jarriko nintzateke erraz, baina etxean edo kontzertu batean edo bai eta autoan ere, txanda pasa nahiago.

Auskalo, beharbada hurrengo diskoan borobilduko esperimentuotan hasitakoa. Hala bedi!

Erlazionatutako sarrerak

Zapatuan El desvan del Macho eta Capsulak joko dute Bergarako Gaztetxean. Sorrera sorreratik kultozko taldea bata eta bolada boladan dagoena bestea. Kontuan izanda ez direla jendaurrean sarri aritzekoak, galdu ezineko aukera Arrasatearren zaleentzat. Tour moduko bat dute antolatua ondorengo egunetan:

3 oct 2009 22:00
Gaztetxe + CAPSULA Bergara, Guipúzcoa
10 oct 2009 22:00
La Capilla + ENTARTETE KUNST Bermeo, Vizcaya
14 nov 2009 22:00
Matadeixe (El matadero) + CALÍGULA Azkoitia, Guipúzcoa
21 nov 2009 22:00
Bonberenea + DECAPANTE Tolosa, Guipúzcoa
16 ene 2010 22:00
Sala Sidecar + ENTARTETE KUNST Barcelona, Barcelona

Guxi dira gurean musika zein testuetan hauek bezala marka ezartzen dutenak, ez zaituzte erdi bidean utziko, edo zirt edo zart beti. Hemen duzu bokadu bat egiteko aukera, sarean topatu bideo honetan. Informazio gehiago beraien myspaceko orrian.

Erlazionatutako sarrerak

  • Erlazionatutako sarrerik ez

Leonard Cohen

Dance Me To The End Of Love kantuarekin hasi eta berehala jabetzen zara Leonard Cohen etxekoa dela, esan nahi baita etxeko sukaldekoa. Ez genuen berarekin topo egin hari edo honi kasu eginda edo bilaketa luze baten ondoren, betidanik izan da gurean ere, osaba komertzianterik ez baina negu hotzeko errosario santuaren gainbeheraren ondoan. Gerora sakondu genuen bere obran.

Laurogeigarren hamarkadako errepertorioarekin ekin eta era berean bukatu zuen saioa. Garai konplikatua berarekin bateratsu hasi zirenentzat. Bistan da modak eta joera berriek noraezean jarri zituela ordurako aspalditik zihardutenak eta gaur gero, denborak erakusten du batzuek eta besteek utzitako arrastoa. Leonard Cohenek ez bakarrik asmatu zuen garaiko soinu tendentziekin, baizik eta bere egin zituen, arestian egindakoarekin haustura izanagatik. Bere ahots, testu eta melodiak ondo konpontzen dira argi gorridun antroetako giro eta emakumeen koru zerutiarrekin.

Garai guztietako kantuak jo zituzten hiru ordu luzetan, baina soinua, azken 20 urteotako diskoetakora lerratu zen. Aukeran bolumen gutxiegi, ordaindu genuenarentzat jesarleku eskasegiak eta erakusketa azokako aretoa egokiena iruditu ez arren, material berririk edo sorpresarik eman ez arren, plazer handiz ikusi genuen ia 75 urteko gizona, dotoreziaz abestu eta gestikulatzen. Ez zigun haginka egin, baina poza ematen zuen, eta inbidia latza.

Erlazionatutako sarrerak