Atalak: Kritikak

Anari. Irla Izan.


Akordatzen naiz behin Durangoko azokan Ama Say-ren bigarren diskoa biniloan ez al zeukaten galdetuta Angel Valdesek mostradorearen beste aldetik “zertarako?” erantzun zidala, “biltegian pilatzeko?”. Bistan zena, CD-aren negozioa benetan zetorren baina artean etsia hartu gabea ni, inozoa ni. Gerora, CD-ekin osatu behar izan dut esaterako Mikel Laboa edo Ruper Ordorikaren bilduma, nahiz eta bertako zein batez ere kanpoko beste askorekin arazorik izan ez LP-ekin jarraitzeko. Asko poztu nau beraz Anariren Isla izan hau biniloan kaleratuko dutela jakiteak eta atsekaberik gabe osatuko dut kolezioa formatu zahar honetan. Ez dakidana, joera berri honek zeri erantzuten dion, modari, diru sarrerei, bezero zenbait goxatzeari edo kasuan kasuko artistaren kapritxoari.

Diskoaren edukiari gagozkiola ere pozarren egoteko moduan gara. Soinu bikaina eta talde usaina darie kantuei, mina eta tentsioa. Kantu sorta baino, kantuz osatutako zer handiago bat. Alardeetarako lekurik gabe, soinua trinkoa da, lelo eta esaldi errepikakorrik gabe, Anari ez da gelditzen, kedarik egin gabe doa bere erretolikan,liburua kapituluz kapitulu irakurriko balu bezala. Hitzetan ere, badirudi kantu batean hasitako korapiloari, bestean ematen diola segida, eta hiru edo laugarrenean ere erremate bila diharduela. Ez dago umorea edo mezu lasaigarrientzat leku askorik. Beldurra nonahi, amildegiak, komunikatu ezinak, denborak dakarren higadura. Zoriona izatekotan erregresiboa.

Kantuak aitatzekotan salbuespen direnak aitatuko nituzke. Adibidez, hiruko erritmoan ez dauden bakarrak, Iceberga eta Distantzia. Azken honek batez ere izugarrizko arnasa ematen dio diskoari. Salbuespena deritzot Bidea eta Denborari ere, disko osoan presente dagoen zu hori aitatu gabe patxada ederrean egiten baitu aurrera, itolarri handirik gabe eta entzunaldi bakoitzean ederrago. Gainontzekoetatik Ihia bereiziko nuke, hain oldarkor eta egiati, bai eta Eskuineko Bihotza ere, bukaera haizetsu horrekin Nick Cave gogora ekarriz.

Erreferentzia zenbait nabarmen egin zaizkit. Hasteko, bistan dena, bere bandarena. Gutxik dute halako soinua eta kontundentzia gurean, nola Anarirekin, hala Inoren Ero Ni bezala dihardutenean. Bestetik, Thalia Zedek ere beti present balego bezala sentitu dut, hura ere hiruko tenpo hauen zalea. Azkenik esaldi luzeak melodietan josteko eran Ruper Ordorikaren ohiartzunak somatu ote ditudan, batez ere Isla kantuan. Nire irudipenak…

Hasierako gaiari berriz helduta, desiatzen nago binilozko bertsioa eskuratzeko, iruditzen baitzait kantuok, CDak eman ahala, denak segidan entzunda, halako betekada bat eragin dezaketela, musikaren trinkoak eta hitzen erredundantzia dela eta. Biniloaren entzuketa zatikatuak edo zuzeneko errepertorio nahasiak are mesede egingo dielakoan, zai nago ea parean noiz egokitzen zaidan.

Erlazionatutako sarrerak

ylt_p_songs
Beti espero dugu onena Yo La Tengo-rengandik, ez alferrik dauka aspaldidanik diskografia aparta, kolore askotarikoa eta txakalaldirik gabea. Gurean sarri jo izanak, etxeko ere egin ditu, eta guk beti onena espero etxekoengandik. Azken disko honek halere, epelago utzi nau, erdizka, ase gabe.

Bi zatitan dago banatuta, berez, biniloan bikoitza den diskoa; lehenengoa pop kantuz, bigarrena, 9, 11 eta 16 minutuko 3 piezak osatzen dutena.

Popular songs eman diote izena eta badu hit bildumaren itxura, lan kontzeptual edo osotasun batena bainoago, izan ere kantuak oso banaka datoz, elkarren arteko inolako loturarik gabe, ez forman, ez soinuan ez intentzioan. Aspaldiko Facebook ekartzen dit gogora lehenengo zatiak, bertsio bilduma bikain hura.

Harizko instrumentuen konponketak berritasun dira bi kantutan, baina nabariago dena, kantu bakoitzean atmosfera ezberdinak sortzeko nahimena, seguru asko azkenaldian soinu bandetarako egindako lanetan erabili, garatu eta ikasitakoaren herentzia.

Badira hemen beste talde ezagunen ohiartzunak, esaterako Avalon or Someone Very Similar-ek, Shake Some Actionen garaiko Flamin’ Groovies dakarkigu gogora, eta entzunaldiz entzunaldi gainontzekoei gailentzen zaie. By Two’s-ek berriz Young Marble Giants gogoraerazten digu eta More Stars Than There Are in Heaven zein The Fireside luzeek, Spacemen 3.

Lehenengo diskoko B aldean jotzen dute goia I’m on My Way apartean eta nire gustorako bigarren diskoak ez du ohiko bonus track direlakoak baino balio handiagorik. Edo aurretik ere sarri jardundako eremuetan errepikatzen edo erremate gabeko esperimentuetan dabiltza. Konforme! goizeko ordu txikitan eta betiko zaborraren ondoren And the Glitter Is Gone jarriko balidate, trantzean jarriko nintzateke erraz, baina etxean edo kontzertu batean edo bai eta autoan ere, txanda pasa nahiago.

Auskalo, beharbada hurrengo diskoan borobilduko esperimentuotan hasitakoa. Hala bedi!

Erlazionatutako sarrerak

Leonard Cohen

Dance Me To The End Of Love kantuarekin hasi eta berehala jabetzen zara Leonard Cohen etxekoa dela, esan nahi baita etxeko sukaldekoa. Ez genuen berarekin topo egin hari edo honi kasu eginda edo bilaketa luze baten ondoren, betidanik izan da gurean ere, osaba komertzianterik ez baina negu hotzeko errosario santuaren gainbeheraren ondoan. Gerora sakondu genuen bere obran.

Laurogeigarren hamarkadako errepertorioarekin ekin eta era berean bukatu zuen saioa. Garai konplikatua berarekin bateratsu hasi zirenentzat. Bistan da modak eta joera berriek noraezean jarri zituela ordurako aspalditik zihardutenak eta gaur gero, denborak erakusten du batzuek eta besteek utzitako arrastoa. Leonard Cohenek ez bakarrik asmatu zuen garaiko soinu tendentziekin, baizik eta bere egin zituen, arestian egindakoarekin haustura izanagatik. Bere ahots, testu eta melodiak ondo konpontzen dira argi gorridun antroetako giro eta emakumeen koru zerutiarrekin.

Garai guztietako kantuak jo zituzten hiru ordu luzetan, baina soinua, azken 20 urteotako diskoetakora lerratu zen. Aukeran bolumen gutxiegi, ordaindu genuenarentzat jesarleku eskasegiak eta erakusketa azokako aretoa egokiena iruditu ez arren, material berririk edo sorpresarik eman ez arren, plazer handiz ikusi genuen ia 75 urteko gizona, dotoreziaz abestu eta gestikulatzen. Ez zigun haginka egin, baina poza ematen zuen, eta inbidia latza.

Erlazionatutako sarrerak

Kalean da dagoeneko Ben Harperren diska berria. White Lies for Dark Times izena du (Gezur zintzoak garai ilunetarako) eta bertan, Inocent Criminals, bere ohiko taldea, alde batera utzi eta Relentless7 talde berriarekin proba egin du. Honek ez omen du esan nahi Inocent Criminals taldea ahazteko intentziorik duenik baina ematen duenez, gauza berriak probatzeko gogoarekin dabil artista kaliforniarra.

Diskaren lehen singleak Shimmer and Shine izena du eta nola ez, kantu izugarria dugu. Ben Harper kantari arrunt bat baino askoz gehiago da; konposatzaile, kantari eta kitarjole honek ez du agian munduko kanturik hoberena sekula idatziko baina artista gutxi dira munduan, hainbeste kantu zoragarri idatzi dituztenak.

White Lies for Dark Times honen aurreko lana, Lifeline izan zen. Bertan, kantu lasai sorta eder bat oparitu zigun eta ematen duenez, diska berri honekin berriz ere Please Bleed bezelako kantuak gogoratzen dituen kitar-doinuetara itzuli nahi izan du.

1.Number With No Name
2.Up To You Now
3.Shimmer And Shine
4.Lay There And Hate Me
5.Why Must You Always Dress In Black
6.Skin Thin
7.Fly One Time
8.Keep It Together (So I Can Fall Apart)
9.Boots Like These
10.The Word Suicide
11.Faithfully Rema

Erlazionatutako sarrerak

  • Erlazionatutako sarrerik ez

Psilocybeneara geroz eta jende gehiago hurbiltzen hasi da, horrelaxe atzo gertatutakoa Sold Out izan genuen bigarrenez Hondarribiako etxe arroxean. Lehenik Lobo Electricoko taldekideak igo ziren taula gainera, 22:05 inguru; oraindik etxe arroxean ez zegoen jende gehiegi, balite Oreretako Sagardo Egunak zerbait ikusi izana. Bigarrenez genituen tolosarrak Hondarribian, gogoz hasi ziren Ojos Grandes bezalako klasikoekin hala ere lehen ilaretan jende gutxi zegoen, gehien bat prentsako jendea edo ta argazkilari lanetan dabilen jendea.

Denbora pasa ahala, Shanti Magmak (Lobo Electricoko abeslaria) jendearekin nolabaiteko komunikazioa aurkitu nahi zuen, guregana zuzendu zen esanez: “Vamos a pasar al próximo nivel!…” eta “¿… aqui hemos venido para intentar pasarlo bien o para pasarlo bien?…” Azkenean jendea pixkat animatu zen, jada aretoan jende gehiago aurkitzen zen, bazirudien Oreretatik jendea pozik eta gogoekin iritsi zela, Vertigo, Verano Electrico edo ta Caballo Sonico bezalako abestiekin kontzertuan giro itzela lortuz. Kontzertu borobila izateko BackFiva bezalakoak jo beharko zituzten, harritu ninduen abesti hau ez ikutzea zeren izan naizen beste kontzertuetan askotan ikutzen duten abestia da, gainera jendeak gustora dantzatzen du; akaso horixe izan zen arazoa, Hondarribian ez genuela behar adina dantzatu eta otso elektrikoa ez zebilen gauzak luzatzeko gogoz, nork daki.

sexty_sexers

Otsoak amaitu zuenean beratarren txanda iritsi zen, Sexty Sexers. Inork ez zuen dudarik, etxe arrosa jada lepoz jende zenbilen eta jendeak leku egokiaren bila zebilen. Bazirudien Hero Mantra diska berriak eta jaso izan dituzten kritika onak jendea mugiarazi zuela, gainera gogoratu beharra dugu Hondarribia eta Beraren arteko distantzia oso txikia dela, etxean bezala ibiliko ziren Sextyak. Guns N´ Roses taldearen antzera zapia buruan zuela atera zitzaigun Mikel Strangelove (Sexty Sexers taldeko abeslaria) gogoz, gorputza gogor mugituz eta bitartean kitarrak jo ta fuego zenbiltzan; lehen abestiarekin jada jende guztia saltoka zegoen, jendeak zenbait abestiren letrak zekizkien eta gogoz disfrutatu zuen Hero Mantra oraindik plazaratu gabeko diska berriaren abestiekin.

Argi zegoen Sextyek Ondarrun izandako arantza kendu nahi zutela kontzertu oso eta eder  bat eginez, Ondarrurako ere zenbait erreferentzia egon zirelarik. Kitarra jende artean dabilela ikusten duzunean, jendeak eszenatokitik salto egiten duenean eta inor geldirik ez dagoela ikusita argi dago gogoratzeko Rock N´Roll gaua egon zela etxe arrosean.

Erlazionatutako sarrerak