Atalak: Elkarrizketak
Mantisa ez da talde berria, datei erreparatzen badiegu behintzat; 2004an sortu ziren Zarautzeko herri surferoan, Deloreanen herri berdinean. Baina beraiek egiten duten musika guztiz ezberdina dugu, HardCore panoraman - Euskal Herrian behintzat - nahiko ezagunak ditugu; ez daramate denbora gehiegi beraien diska berriarekin baina ez dute dudarik han eta hemengo oholtzetan kontzertuak eskeintzeaz, bizirik dagoen taldea da. Hona hemen Iñakirekin izan dugun elkarrizketa.

1 ) “Mantisa” nondik dator taldearen izena?
Taldearen izena Iosuri otu zitzaion. Alicanten zegoela bere ikasketak burutzen matematikako irakaslea mantisa terminoari buruz hizketan ari zen. Hasieratik gustatu zitzaion hitza bera eta azkenean irakasleak esan zuen mantisa beti positboa zela. Taldearekin gure bizitzei zerbait positiboa eman nahi genienez izen egokia zela iruditu zitzaigun eta halaxe jarri genuen.
2 ) 2004an hasi zen taldea musika munduan, baina 2010ean atera izan da zuen lehen lana, nola esplika daiteke urte hauetan egindako lana?
Taldea 2004an sortu genuen Iosu eta Ganixek, Igor eta Raul taldekideekin batera. 2005ean maketa autoekoiztu bat grabatu genuen, baina honek etzuen inoiz argirik ikusi, guk geuk izateko eta myspacerako zerbait izatearren grabatu baikenuen batipat. 2007an, kontzertu dezente eman ostean, Igor baxujoleak taldea uztea erabaki zuen eta Iñigo sartu zen bere tokian, eta urtebete beranduago berriz, Iñaki baterijolea sartu zen taldera Raulen ordez. Beraz, aldaketa hauek guztiak izan dira grabaketa hainbeste atzeatzearen arrazoiak. Gaur egun oso laukote egongorra izatea lortu dugu eta oso gustora gabiltza lanean.
3 ) Lehiaketarik irabazi gabe, nahiko zaila omen da GOR edo ta beste disketxeekin lehen diska aurrera ateratzea, nola lortu zenuten lehen diska disketxe esanguratsu batekin aurrera ateratzea?
Diska grabatzen ari ginela ez genekien diskarekin zer egingo genuen. Gure lana gehiago zabaltze aldera disketxeren bati proposamena egitea erabaki genuen eta horietan lehena gure estiloarekin gehien lotzen genuen Gor disketxera jotzea erabaki genuen. Beraien egoitzara azaldu ginen diskoa eskuan genuela eta astebetera eman ziguten baiezkoa. Oso azkarra izan da edizio prozesu osoa.
4 ) Zein iritzi duzue autoekoizpen nahiz lizentzia libreei buruz?
Autoedizioa diska bat kaleratzeko daukagun alternatiba nagusia da, gaur egun disketxeekin lan egitea geroz eta zailagoa baita. Lizentzia librea ere alternatiba egokia iruditzen zaigu, “derechos de autor” delakoaren monopolio batean bizi garelako. Gaur egun eskubide hauek kobratzeko modu bakarra SGAE-n izena emanda egotea da. Azken urteotan, gizartea erakunde honi bizkarra ematen ari zaio, aurrera eramaten ari den ekintzengatik: kanona, ileapaindegiei irratia jartzeagatik kobratzea, kontzertu benefikoetatik dirua ateratzea… Guri ere etzaizkigu gustatzen ekintza guzti hauek eta ezta erakundearen funtzionamendua ere baina gureak diren eskubideengatik benefizioak kobratze aldera eman behar izan genuen izena bertan.
5 ) Musika mundua aldatzen ari dela argi dago, geroz eta talde gehiago dabiltza sare sozialetan nahiz internet munduan. Holakorik egiten duzue? Holakorik egitea pentsatu duzue?
Noski, gaur egun internet berebiziko promozio tresna da eta talde guztiek bezelaxe guk ere badugu gure txokoa spotify, facebook, myspace, last fm edo itunes bezalako orrietan.
6 ) Jakin badakigu beste talde batzuetan ere zabiltzatela, esaterako, Trigger Travis nolako berdintasun nahiz ezberdintasun aurki ditzazkegu Mantisarekin alderatuz gero?
Iñaki Castrok Trigger Travisen jotzen du bateria eta Iñigo Azkue berriz Ihes Naiz taldeko abeslari eta baxujolea da.Trigger Travis Mantisa baino gogorragoa da, ahotsak garrasietan oinarritzen direlarik. Ihes naiz berriz indie kutsuko punk rock melodikoa da, mantisa baino erritmo geldoagoekin.
7 ) Euskal Hardcoretik zatoztela jakinda, zer aurki genezake zuen zuzenekoetan?
Erritmo azkarrak eskeintzen ditugu soinu potentearekin, baina baita kanta mantsoagoak ere. Azken finean diskan bezalaxe hardcorea, posthc edo indie-a izan dezaketeen beste estilo batzukin nahasten dugu, beraz nahiko errepertorio zabala eskeintzen dugu.
8 ) Oholtza gainean jo ta su ibili baino lehenagoko ohitura edo ta mania berezirik?
Ez, ez dugu mania berezirik. Baina normalean jo aurretik zerbezatxo batzuk edanda igotzen gara dena emateko prest.
9 ) Eman dituzuen kontzertuetan seguru badagoela anekdota bereziren bat, kontatu daitekeen baten bat?
Gogoratzen dugun unerik xelebreenetariko bat, 2008ko abaltzizketako festetan Raul baterijolea, aurretik abisatu gabe, eszenatokira spider man-etaz mozorroturik irten zenekoa da. Ikusleak baino harrituago geratu ginen guztiok.
10 ) Demagun Mantisako kideekin furgonan bidaiatzeko aukera dugula, zein musika entzun dezakegu?
Denetik, askotan Trigger Traviseko Fres-en furgoneta alokatzen dugu kontzerturtarako, eta honek grindcorea entzuten duenez bere kasetak ere entzun behar izaten ditugu, Grindcoretik Beach Boys erainoko abanikoa izan daiteke.
11 ) Jakina da ajeak eta kontzertuak erlazio zuzena dutela kasu askotan, Mantisako kideek baduzue ajeraren kontrako miraririk?
Miraririk hoberena edaten jarraitzearena da, mozkorra merke ateratzen zaizu, bi zerbeza edan eta aurreko egunean bezain kontentu baitzaude berriz ere.
12 ) Nola ikusten duzue gaur egungo Euskal Hardcore panorama? Zeinbait talde baditugu behintzat, Krilin, Mantisa, Trigger Travis etab.
Bai egia esan talde mugimendu handia dago inguruan. Euskal Herrian talde on ezagun dexente ditugu: Krilin, Ezinean, Cordura, Adrenalized, Curasan, Buffalo, Cohen, The Brandy Hips etab.
myspace | mantisa |
Erlazionatutako sarrerak
The Indio Donosti aldetik datorkigun proposamen berria dugu, folk edo ta indie musika gogoko izanez gero, seguru asko gustuko izango duzula. Hona hemen Julenek galderei emandako erantzunak, duda gabe argi dago musika gogoko duela; gainera hurrengo astean Bilbon zuzenean ikus/entzuteko aukera izango dugu.
1 ) “the Indio” nondik dator taldearen izena?
Hainbat arrazoiengatik hartu nuen izen hau. Berez, foro batean nuen ‘nick’-aren ondorioz “Indio” motea jarri zidaten lagun batzuk. Indioa, gainera, elementu bat da gailu elektroniko askotarako erabiltzen dena (ingenieritza ikasten dut) eta Indio AEB-ko hiri bat da non sekulako eszena musikala dago.
2 ) Badakit musika munduan ibili zarela beste proiektu batzuetan, zein ezberdintasun aurki ditzazkegu “the Indio” aurreko proiektuekin konparatuz gero?
Aurreko proiektua nahiko antzekoa zen “The Indio”-rekin konparatuz. Ezberdintasun nabariena, abestiak gehiago lantzen ditudala izan daiteke. Lehen ordenagailu bidez kitarra elektrikoa eta akustikoa jartzen nituen batera eta oro har ez nuen oso serio hartzen proiektua. Oraingoan abestien letrak eta melodiak pixka bat gehiago lantzen ditut, nahiz eta grabaketa medioak lehen bezain txartoak izan.
3 ) Nola bururatzen zaizu “the Indio” proiektua aurrera ateratzeko ideia? Zeintzuk dira etorkizunerako planak?
Londres-en bizitzen egon nintzen denboraldi motzean ikuspuntua aldatu nuen nire bizitzaren hainbat arlotan. Niregan konfidantza gehiagorekin bueltatu nintzen eta nituen amets txikiak pixkanaka betetzea erabaki nuen. Horietako bat, proiektu berri bat sortzea, bakarlari moduan berriz ere, eta ahalik eta leku gehiagotara helaraztea horrekin.
4 ) Abestiak sortzeko prozesua nolakoa izaten da? Lehenik hitzak, gero kitarra …
Ez dut inolako teknikarik edo prozesurik jarraitzen. Aldiro era desberdin batean ateratzen dira. Batzuetan, inprobisazioaren eraginez gustoko dudan melodia bat ateratzen dut eta gero horri letra jarri eta abesti bihurtzen dut. Idealena bi gauzak, letra eta melodia, batera ateratzea da, baina, hori oso gutxitan gertatzen zait. Nire ustez, gauzak leku/inspirazio desberdinetatik etortzea eta gero nahasteak badu bere xarma. Abesti bat idazten dudan guztietan, letra osoak segidan idazten ditut orri txuri batean eta oso gutxitan aldatzen dut bertan idatzitakoa; momentuko egoeraren ondorio baitira.
5 ) Oholtza gainean azaldu baino lehenago “mania” berezirik?
Ez bereziki. Baina normalean: arnasa ondo hartu, ur/garagardo trago bat bota eta dena ondo aterako dela esan neure buruari.
6 ) Gaur egun talde dexente dabil “folk” estiloan, hala nola, Russian Red edo ta Anni B Sweet, moda kontua?
Norbaitek horrela ikusi dezake, baina, egia esan estatu mailan ez dago gizonezko asko indie/folk/pop estiloan. Noski, mundu mailan txoko guztietan aurki daitezke ni bezelako beste asko, baina, ez dut uste moda kontua dela. Nire ustez, beti egon dira hainbat artista folk arloan eta kitarra akustikoak eta banjoak existitzen diren bitartean horrela jarraituko du izaten. Hala ere, egiten dudana niregatik egiten dut, niri gustatzen zaidalako eta ez beste artistekin parekotasuna izateko. Influentziak ez dira txarrak norberaren kutsua edo ikutua nabaritzen den bitartean.
7 ) Zein iritzi duzu gaur egun musikak interneten bizi duen egoeraz? Creative Commons lizentziapean dauden lan eta autoekoizpenaren aldekoa edo nahiago disketxe baten babesa izatea?
%100ean babesten dut internet bidez egiten den musikaren trukea. Nire iritzia oso garbi daukat musikaren gaur egungo egoerari buruz. Nire ustez, internet historian izan ditugun aurrerapenetatik garrantzitsuenetako bat da eta arma oso baliotsu bat da, erabiltzen jakin behar dena. Musikaren industriaren kontzeptua aldatu behar delaren aldekoa naiz. Nire ustez, musikarekin etekina lortu nahi duten musikari guztiek kontzertu gehiago egin beharko lituzkete, kontzertuak beraien diru-sarrera garrantzitsuena bilakatu gira gehiago eginez, antzerki aktore/sa batek astean zehar hainbat saio egiten dituen bezalaxe. Gainera, disketxeek disken prezioa jaitsiko balute seguraski salmenta gehiago izango zituzten. Suposatzen dut, nire egoera dela eta, oso erraza dela iritzi hau izatea. Baina, “musikaria” baino lehen musika kontsumitzaile amorratua naiz eta musikaren eraldaketa baten aldekoa naiz, guztion onurarako.
8 ) Demagun jendeak ez duela inoiz “the Indio” zuzenean entzun, zer aurkituko du bertan?
Modernillo bat kitarra akustikoa jotzen, ahots normal bat, nerbio apur batzuk eta proposamen berri batekin entzulearen belarrientzat.
9 ) Kontzertua amaitu eta kotxea edo ta furnoga hartzeko momentua iritsi da, zein musika entzungo genuke?
Kotxean USB bat eta modu aleatorioan jartzeko ohitura dut. Denetik daukat bertan, momentuko sasoiaren arabera aldatzeko, baina, orokorrean The New Raemon edo The Wave Pictures entzuten dut kontzertuetatik bueltan.
10 ) Amaitzeko “the Indio”k badu ajearen kontrako plan berezirik?
Bai! Kings Of Convenience en diska bat entzutea eta Bloody Mary bat hartzea.
11 ) Besterik?
Eskerrik asko Bertoli elkarrizketa honengatik eta besterik gabe animatzen zaituztet nire kontzertuetara etortzea.
Erlazionatutako sarrerak
Bizardunak Iruñeatik datorren talde euskaldun berezia dugu, Jose Marirekin hitz egiteko aukera izan dugu eta honako erantzunak eman dizkigu musikazalek egindako galderei. Benetako jai giroaz gozatzen duen taldea dugu Bizardunak.

1 ) Betiko galderarekin hasiko dugu elkarrizketa, jada klasikoa musikazaleko elkarrizketetan. Nondik BIZARDUNAK izena jartzearen istoria?
Taldearen hasieran, bakarrik disko bat egiteko asmoa geneukan. Zerbait behar genuen taldekideen artean konpromisua lortzeko eta bizarra eukitzea erabaki genuen. Horrela gainera, zenbait pertsonaiei omenaldi bat eskeini nahi genion; Santacruz apaizari, kubako ”barbudosei”, Jim Morrisoni, Dublinerseko musikariei.
2 ) Jakina da taldeko partaideok beste musika talde batzuetan ibili zaretela; baina nola pizten da “folk radikal euskaldun” bat sortzearen ideia? Argi dago Euskal Herrian gaur egun ez dagoela horrelakorik.
Kazetarei asko gustatzen zaie taldeei etiketak ezartzea. Hori gertatu baino lehen, guk geuk erabaki izan behar genuen nola aurkeztu gure musika eta gure jarrera jendaurrean. Oraintxe bertan, etiketa hura zahartu egin da eta ”folk industriala” edo halako zerbait egiten ari gara gure kanta berrietan.
3 ) Argi dago taldeak Irlandarekin erlazioa zuzena duela, suposatzen dugu Belfasten zenbait kontzertu emateko aukera izatea taldearentzat berezia izango dela. Nola sortu zen bertan ikutzeko aukera? Zer espero duzue?
Edonon joko dugu deitu ezkeroz…eta noski baietz, Irlandatik deitzen bagaituzte berehala joango gara. zer espero dugu? Idearik ez…azken finean, bere musikarekin jolasean gaude…Froga garrantzitsua izango da taldearentzat.
4 ) Oholtza gainean agertu baino lehen “mania” berezirik baduzue?
Mania baino ohitura txarrak…konta ezin ditugun ohitura txarrak…Kontzertuak normalki lasai samar hasten ditugu, pixnaka berotzen dira gure arimak eta animaliak bezela bukatzen ditugu kontzertuak. Musikari pixko bat uko egiten diegu kontzertuetan , nahiago dugu giro paganoa sortzea; jendea haserrerazteko, alaitzeko, dantzatzeko…Ez dira Oskorri edo Junkerak egiten dituzten kontzertuak bezala , Eskorbuto edo Tijuana in Blue kokatzen ziren tokian egon nahi dugu.
5 ) Kasualitatea ahal da Bilboko kontzertua St.Patrick egunean izatearena? Sorpresarik egongo da?
Ez da kasualitatea eta gurekin beti sorpresak daude…beti gertatzen da zerbait, askotan onak eta beste zenbaitetan…
6 ) Argi dago zuen musika eta zuzenekoak kriston jaialdiak izaten direla; alkoholak ere bere presentzia izaten baitu, baina ajearen kontrako plan berezirik?
Ajea Espaina bezalako arerio gogorra da.
7 ) “Hot asphalt”, “Lark in the morning”, “Spancill Hill” etab abesti hartuz bertsioak egin dituzue, Kortatuk bere garaian beste abesti batzuekin egin zuen moduan; beste abestiren baten bertsioa buruan duzue?
Justo kontrakoa egin nahi dugu orain; prestatzen ari garen diska berrian, ez dira egongo inonen bertsiorik, guk egindako kantak baizik… bertsioen kontua bukatu egin da guretzako momentuz.
8 ) Etorkizunerako zein plan dituzue?
Diska prestatzen ari gara eta horrekin lan izugarria daukagu, ez dugu ezer gehiagorik buruan.
9 ) Zer nahiago Irlandako garagardoa edo Errioxako ardoa?
Egia esateko kubatak…
MySpace | Bizardunak |
Erlazionatutako sarrerak
MTG edo Mind The Gap Bilboko talde berri bat dugu, oraindik ez dira oso ezagunak baina beraien ideiak argi eta garbi dituzte; jada Bilboko tenpluan kontzertua ematea lortu dute eta musikari dagokionez oso argi dute zein bidetik jarraitu behar duten. Hau guztia gutxi balitz, Copyleft edo ta Creative Commons bezalakoak defendatzen dituzte. Aukera bat emateko prest?

1 ) Betiko galderarekin hasiko dugu elkarrizketa, jada klasikoa musikazaleko elkarrizketetan. Nondik dator MTG (Mind The Gap) izena?
Izenak nahiko buru-hauste eman euskun… “Friki” ez zan izen bat gure genun baina Brit Rock-arenganako genuen zaletasuna ere isladatzen ebana, eta MTGk lan hori betetzen eban. Candem Town-en metroa hartzera zoazelako itxura ematen euskun.
2 ) Badirudi zenbait partaide musika munduan zenbait pasadizo izan dituzuela, esaterako Haatik; zer nolako antzekotasun nahiz desberdintasun aurki ditzazkegu MTG konparatuz gero?
Lehenengo ezberdintasuna argia da, eta euskeratik ingelesera egindako aldaketa da, batik bat entzuten dogun musikaren soinura hurbiltzeagatik… Talde bezala ere asko hasi gara, egiten dogun lanarekin eta baita gu geuaz ere zorrotzagoak bihurtu gara. Gaur egun egiten dogun musika ezberdinagoa da, landuagoa, eta rock puntu hori indartuz. Noski, Haatik taldetik gure artean dekogun giro ona mantendu dogu.
3 ) Zuen maketa martxan jarri bezaien pronto inglesezko abestiak entzuten ditugu, badirudi grunge nahiz british musika jorratzen duzuela, baina euskarazko abestirik egitea pentsatu duzue?
Momentuz ez dekogu euskera lantzeko asmorik, baina nola ez, iñoz ezin dira ateak itxi. Hola, hainbat kontzertutan haatik-en abesti bat berreskuratu dogu “Etorkinen Ezbaia” izenekoa. Oraingoz, urtetzen jakuzen abesti guztiak ingeleses eitzen doguz, baina, nork jakin.
4 ) Nola deskribatuko zenuketen zuen zuzeneko emanaldiak? Oholtza gainera salto egin baino lehenago baduzue ritual edo mania berezirik?
Ez dekogu errito berezirk ez… Laurak batzen gara kontzertua hasi baino lehen eta kontzentratzen ahalegintzen gara, ahotsa berotu, ondo prestatu eta nerbixuak alde batera uzten ere saiatzen gara… Nahi ta ez hasi baino lehen beti eukiten da ezin egon bezalako bat. Gero, eszenatokian, geure musikaren barietateaz baliatzen gara kontzertuko intentsidadeekaz jolasteko. Geure zuzeneko saioak eboluzioanatzen doaz denbora pasa ala eta honek hobetzeko elementuetan gabilz pentsetan ia denbora osoan ere, bertsioren bat, sorpresaren bat, sampler-ekaz jolastuz edota abestiak eta kontzertua bera hobetu dezakeen edozein gauza. Aukera piloa dau zuzeneko musikan eta saio horrek dibertigarriaoak eitzeko beti gabilz gauz berrietan pentsaten, azken batean, jendeak ondo pasatea da geure rekonpentsarik onena.
5 ) Nola ikusten duzue musikaren etorkizuna? Argi dago gauzak asko aldatzen ari direla eta internetek kriston garrantzia duela; hala nola, musika elkar banatzeko ohikoak ez diren kontzeptuek geroz eta indar handiagoa dute; hala nola, Copyleft lizentziak etab. Zein iritzi duzue?
Jada ordua zala. Musika industriarentzat momentu honean hastean sorte handia izan dogu. Internetek, disketxe baten marketing-a alde bateria utzita, zure burua ezagutarazteko aukera ematen dau, eta hori, geure moduko taldeentzat paregabea da. Horrez gain Internetek musika demokratizaten dau dena guzition eskura jarriz. Ez dago ostoporik, ez geografikorik, ez sozialik, ez politikorik, edota interes partikularrik. Iñoz ez bezela (nahiz eta askok hau gelditu nahi), gaur egun kultura libreki banatu dezakegu. Musikaren mundua etengabe aldatuz doa eta egungo soziedadeak aldaketa hori ere eskatzen dau. Nahiz eta asko ados ez egon, musikaren etorkizuna beti egongo da bermatua… ala ere gaur egungo musika industriaz hitzeginez gero, horrek bai, eduki dezake etorkizun latza edo, gutxienez, aldakorra. Elementu batzuk ez dira nahitaezkoak izango baina, beste alde batetik, aukera berriak sortuko dira. Jabetza intelektualari buruz, aukera asko daude artistek bere musikaz gustora bizitzeko beste askoren eskubideen kontra egin gabe. Copyleft-a, edo konkretuki Creative Commons lizentziak, behar horren erantzuna dira.
6 ) Zuen Departure lanak izandako arrakasta ez da txantxetakoa izan, MondoSonoron elkarrizketa, Bilboko Kafe Antzokian kontzertua, Gaztea … benetan horrelakorik espero zenuten?
Egia esan poz-pozik gaude lanak izan dauen arreragaz. Erreza ez zela izango argi genuen ere, baina estudiora sartu ginetik pasa diren zazpi hile hauetan kritika oso onak izan doguz. Ez genun espero holako denbora gitxian honelako emaitzarik izatea, baina dena den, ilusio gehiegi ere ez ez doguz eitzen ondiño gauza asko dekoguz hobetzeko eta. Azken finean hau animo bultzada bat lez hartzen dogu aurrera jarraitzeko.
7 ) Etorkizunerako zein plan dituzue?
Momentuz lanean jarraitu. Oraingoz estudiora hostabere sartzeko asmoaz bueltaka gabilz abesti berriak lantzen, horrek ere nahiko denbora darama… Dena den ez jaku plan askorik eitzea gustatzen, nahiz eta topikoa iruditu egunerokoan jartzen dogu arreta gehiena eta datorrena gure esfortzu eta sortearen ondorioz izango dira.
8 ) Demagun diska berriak kristoren arrakasta duela eta disketxea ate joka datorrela; autoekoizpena edo disketxea?
Galdera zaila benetan… Autogestioa oso erarkargarria izan daiteke, baina disketxe batek eman dezakeen egonkortasuna ere kontuan izan behar da. Autogestioa geure lehenengo aukera izango litzake, baina noski, zaila da ezezkoa ematea zeure atea joten dauen disketxe bateri. Eskatzea doan denez, aukerarik onena, industria honeri buelta emateko gai den disketxe bat izango litzake, kopia eta distribuzio libreak bultzatzen dauzena. Zaila bai, baina petsateko modukoa.
9 ) Oraintxe bertan taldekideekin autoan edo ta furgonan joanez gero, zein diska, mp3 aurkituko genituzke?
Gu geuk sorturiko zarataren ondorioz (”hau jarri, ez hau, ez! beste hau”…) ezebez baino gitxiago entzungo litzake bertan! xDxD Geure prefrentziak nahiko ezberdinak dira, Anderregaz kotxean joanda opera disketatik hasita heavy metalera heldu zaitezke, rock edo rockabilly-tik pasata. Edugaz ostera, Eddie Vedder-ek ukituriko edozein gauza, Ikerrek indie musika edota rock alternatiboa dauka gustoko eta Mikelegaz joanda flamenko, heavy, musika elektronikoa eta b… Azken batean bakoitzaren gustoak oso zabalak dira eta horrek ere geure musikan ba deko bere islada ere. Noski, danetan MTG-ren maketa egongo litzake!
10 ) Amaitzeko, beste galdera klasiko bat; taldeak ba ahal du ajearen kontrako plan berezirik?
Hori duk galdera hi!! Sexu sesiño luze ta on bat MTG cd-an jarrita dagoela gaitz asko osatu dezakez!! xD
11 ) Besterik?
Ezer gitxi, gugan jarri dozuen interesa eskertu, eta hasieratik geuaz kontzertuetan eta animoak emonez egon diren guzti hoiei ere hametik eskerrak emon, euren laguntza barik ez giñatekelako elkarrizketa hau betetzen egongo eta.
MySpace| MTG |
webgune ofiziala | mtgband |
Erlazionatutako sarrerak
- Erlazionatutako sarrerik ez
Oraingoan Mamut taldearekin izateko aukera izan dugu, badirudi elektroa puri purian dabilela Euskal Herrian; asteburu honetan Kataluinarantz dijoaz, hona hemen Mamuteko Jonekin izandako elkarrizketan ateratako zenbait ideia. Duda dabe euskal panoraman kontuan izan beharreko taldea dugu Mamut.

1 ) Betiko galderarekin hasiko dugu elkarrizketa, jada klasikoa musikazaleko elkarrizketetan.. Nondik dator Mamut izena?
Istorioa sinplea da, izenarekin gora eta behera galduta genbiltzan eta gure kobazulo soinuari hots eginez, gure lagun batek MAMUT proposatu zuen. Gustuko izan genuen eta hala gelditu zen.
2 ) Nola sortzen da Mamut bezalako talde bat osatzeko ideia?
Orain dela sei urte, MAMUT, rock laukotea zen, baina egun triste batean gure bateriak alde egin zuen. Orduz geroztik, kitarra, baxua eta elektronika makina izan ginen. Dagoeneko abesti sorta bat eskutan, hauek elektronika erritmoekin batera uztartzea erabaki genuen. Denbora aurrera joan hala, gero eta gustukoago genuen elektronikaren mundua. Berria eta ezberdina zen eta gure taldea horrela uztea erabaki genuen. Abestiei dimentsio berri bat emateko beharra izan genuen, elektronikak suposatzen duen hizkuntza berriaren formatik igaro behar zutela erabakiz.
3 ) Badirudi gaur egun elektronika berriro ere puri-purian dagoela, Euskal Herrian, Munlet, Crystal Figthers edota Delorean aipa ditzazkegu, zein iritzi duzue gaurko egoerari buruz?
Gure ustez orain ez da elektronikaren unea. Gaur egun musika generoen berinterpretazioa bizitzen ari garela uste dugu. Oraintxe, musika zahar eta berria goitik behera berrikusten ari garela ematen du. Musikariek, musika generoen ( rocka, elektroa, diskoa, heavya…) artean dagoen nahasketari beldurra galtzen ari diotela uste dugu. Euskal herrian eta kanpoan elektroa egiten dutenen artean MUNLET dugu gustukoen.. Haien proposamena arriskutsua eta indartsua da. Esan beharra dago, Herr Profesor eta Lady Fingers lagunak ditugula elkarrekin eman genuen kontzertuaren ondoren. MUNLETen hurrengo diska sekulakoa omen dela entzun dugu. Delorean gustuko dugu ere, asko gainera, baina batez ere lehen diskako Delorean hori. Lagun artean askotan komentatu dugu Zarauztar hauek Ingalaterra edo Frantzian jaioak izan ezkero, mundu osoan ezagunak izango liratekeela.
Euskal Herrian elektronika eta musika ‘berriak’ alderatu xamarrak egon direla uste dugu, pixkanaka, egungo talde hauei eta beste batzuei esker, nahasturari, elektronika eta beste musika generoen arteko nahasketari, atea irekitzen ari zaiola uste dugu.
4 ) Badirudi musika munduan aldaketak datozela, jendeak ez ditu hainbeste CD erosten eta iTunes bezalakoak erabiltzen ditu musika erosteko. Zuek nola banatzen duzue zuen musika? Non aurki ditzakegu zuen CDak?
Gure musika bi modutan eskuratu daiteke. Hasiera batean Myspace bidez , orain dela urtebete, diska grabatu eta gero, gure CDak zuzenekoetan saltzen hasi ginen. Espero genuen baino harrera hobea izan zuten. Orain dela hilabete batzuk, gure diska osoa internet bitartez jaitsi daiteke. http://www.archive.org/details/Mamut2008Diskoa estekan. CD fisikoa nahi dutenentzako, mamutgara@gmail.com helbidean eskatu daiteke.
5 ) Argi dago zuzeneko hirukotea, boskotea osatzen duzuela, baina nolakoak izaten dira zuen kontzertuak?
Ez, ez, ez… zuzeneko BOSKOTEA osatzen dugu.
Deskribatuko dizut zer nolako argazkia ikus dezakezun gure zuzeneko batean:
Eszenategiaren atzealdean, itzalen artean, Iñigo kokatzen da, bere elektronika makineriaz hornituta gure barkua gidatzen. Taldearen ‘gurua’ da. Ezker aldean Mikel dago, beren kitarra eta 100 pedalekin, Kitarra odoleztatuez abestien oreka bitan hausten du. Ezker aldean Jon dago, baxu eta mikroarekin, abeslari lanak egiten baititu abestiren batean. Bukatzeko Ibai eta Jone dauzkagu taularen erdi-erdian. Joneren ahots orekatu, fina eta indartsua, gora eramaten ditu MAMUTen abestiak. Ibaiek aldiz, ahotsa instrumentu bat balitz bezala kokatzen du, askotan lehen planora ekartzen duelarik.
Gure zuzenekoak ilunak izaten dira, eztanda baten antzekoak batzutan, ibai misteriotsu bat zeharkatzen egongo bagina bezala besteetan. Sakoneraren eta garaieraren sentsazioak lortu ditzakezu gure musikaren bitartez. Kobazulo batean sartzea edo etxeorratz batetik zure begirada skylinera zuzentzea bezala da.
6 ) Oholtza gainera salto egin baino lehenago baduzue mania berezirik?
Ez daukagu mania edo erritu berezirik.
7 ) Musika eta jaia oso lotuta daudela argi dago, baina ajearen aurka trukoren bat baduzue?
Izango bagenu saltzaile bihurtuko ginateke (jejeje). Ajearen aurkako trukorik hoberena farran jarraitzea omen dela entzuna daukat, baina… ba omen dago produktu bat, Resalin, edan aurretik hartu daitekeena. Bi pilula urdin dira, eta datorren egunean ez duzu bestondorik izango!
8 ) Nola izango litzateke taldearentzat kontzertu perfektua? (lekua, zein beste taldeekin …)
Inoiz ez dugu horretan pentsatu. Printzipioz, gure kontzertu ‘perfektuak’ ondo zaintzen gaituzten lekuetan dira. Afari ona eman eta gurekin jatorrak izan ezkero, guretzat kontzertu perfektua da. Tarantinoren “Titty Twister” tabernaculoan jotzea gustatuko litzaiguke, zombie eta tiro artean, odol eta boa artean.
9 ) Abestiak sortzeko garaian, zein prozesu eramaten duzue? Lehenik letrak, gero doinuak; guztia nahasita …
Abestien gehiengoa sekuentzia elektronikoetan oinarrituta sortu dira. Beste batzuk, abesti akustikokoetan oinarrituta. Askotan pare bat akordeen gainean inprobisatzen ematen dugu ia entseiu oso bat. Hau grabatu eta entzun ondoren abestia osatzen joaten gara.
10 ) Etorkizunerako zein plan ditu Mamut taldeak?
Abenduaren lehenetan (asteburu honetan bertan), Kataluniara goaz bizpairu kontzertu ematera. Han gure lanean sinisten duten lagun batzuk dauzkagu. Bigarren diska bat grabatzeko gogoa badugu ere, abestiak lantzen gabiltza oraindik. Udaberrirako talde sorta batekin jaialdi batetan parte hartzeko deitu digute, hau sekretua da oraindik, gu geuk ere informazio gehiagorik ez daukagu.
Honez gain, batez ere abestiak sortzeko eta zuzenekoak emateko asmoa daukagu. Gehien bat zuzenekoak emateko gogo askorekin.
11 ) Demagun zuen ordenagailu eta autoetan sartzeko aukera dugu, zein musika aurki genezake?
Sekulako miztura: Beatles, Mogwai, Joy division, Madrugada, New order, Planetas, Kraftwerk, Dut, The Soundtrack of our lives, Ramones, Beatles, Radiohead, Sigur Ros, Arab Strap, Aphex twin, P.J Harvey, The Doors, etab….
12 ) Besterik?
Hau irakutzen duen edozeini gure zuzeneko batera joateko gonbitea bidaltzen diogu. Gure diska oso gustuko ez badute ere, animatu daitezela, kontzertuetan askoz indartsuago entzuten baita dena.
MySpace | Mamut |
Erlazionatutako sarrerak
4tik 1. orrialdea 1 2 3 4 »