Anari. Irla Izan.


Akordatzen naiz behin Durangoko azokan Ama Say-ren bigarren diskoa biniloan ez al zeukaten galdetuta Angel Valdesek mostradorearen beste aldetik “zertarako?” erantzun zidala, “biltegian pilatzeko?”. Bistan zena, CD-aren negozioa benetan zetorren baina artean etsia hartu gabea ni, inozoa ni. Gerora, CD-ekin osatu behar izan dut esaterako Mikel Laboa edo Ruper Ordorikaren bilduma, nahiz eta bertako zein batez ere kanpoko beste askorekin arazorik izan ez LP-ekin jarraitzeko. Asko poztu nau beraz Anariren Isla izan hau biniloan kaleratuko dutela jakiteak eta atsekaberik gabe osatuko dut kolezioa formatu zahar honetan. Ez dakidana, joera berri honek zeri erantzuten dion, modari, diru sarrerei, bezero zenbait goxatzeari edo kasuan kasuko artistaren kapritxoari.

Diskoaren edukiari gagozkiola ere pozarren egoteko moduan gara. Soinu bikaina eta talde usaina darie kantuei, mina eta tentsioa. Kantu sorta baino, kantuz osatutako zer handiago bat. Alardeetarako lekurik gabe, soinua trinkoa da, lelo eta esaldi errepikakorrik gabe, Anari ez da gelditzen, kedarik egin gabe doa bere erretolikan,liburua kapituluz kapitulu irakurriko balu bezala. Hitzetan ere, badirudi kantu batean hasitako korapiloari, bestean ematen diola segida, eta hiru edo laugarrenean ere erremate bila diharduela. Ez dago umorea edo mezu lasaigarrientzat leku askorik. Beldurra nonahi, amildegiak, komunikatu ezinak, denborak dakarren higadura. Zoriona izatekotan erregresiboa.

Kantuak aitatzekotan salbuespen direnak aitatuko nituzke. Adibidez, hiruko erritmoan ez dauden bakarrak, Iceberga eta Distantzia. Azken honek batez ere izugarrizko arnasa ematen dio diskoari. Salbuespena deritzot Bidea eta Denborari ere, disko osoan presente dagoen zu hori aitatu gabe patxada ederrean egiten baitu aurrera, itolarri handirik gabe eta entzunaldi bakoitzean ederrago. Gainontzekoetatik Ihia bereiziko nuke, hain oldarkor eta egiati, bai eta Eskuineko Bihotza ere, bukaera haizetsu horrekin Nick Cave gogora ekarriz.

Erreferentzia zenbait nabarmen egin zaizkit. Hasteko, bistan dena, bere bandarena. Gutxik dute halako soinua eta kontundentzia gurean, nola Anarirekin, hala Inoren Ero Ni bezala dihardutenean. Bestetik, Thalia Zedek ere beti present balego bezala sentitu dut, hura ere hiruko tenpo hauen zalea. Azkenik esaldi luzeak melodietan josteko eran Ruper Ordorikaren ohiartzunak somatu ote ditudan, batez ere Isla kantuan. Nire irudipenak…

Hasierako gaiari berriz helduta, desiatzen nago binilozko bertsioa eskuratzeko, iruditzen baitzait kantuok, CDak eman ahala, denak segidan entzunda, halako betekada bat eragin dezaketela, musikaren trinkoak eta hitzen erredundantzia dela eta. Biniloaren entzuketa zatikatuak edo zuzeneko errepertorio nahasiak are mesede egingo dielakoan, zai nago ea parean noiz egokitzen zaidan.

Erlazionatutako sarrerak

Oraindik ez dago iruzkinik.

Erantzun